Ikusmen Desgaitasuna
Orrialde honetako informazioa ondorengo publikaziotik atera da: "Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusioa".
Ikusmen-desgaitasuna ikusmen-funtzioaren mugatze guztizkoa edo oso larria da. Eta ikusmen-galera arinaren eta guztizko itsutasunaren arteko egoera guztiak biltzen ditu.
Ikusmen-desgaitasunaren gradua bi parametro batera edo zein bere aldetik kontuan hartuta neurtzen da.
• Ikusmen-zolitasuna: hurbil edo urrun dauden objektuen formak eta xehetasunak bereizteko trebetasuna da.
• Ikus-eremua: begiak puntu finko bati erreparatzean hautematen duen eremua da.
Zolitasunaz eta eremuaz gain, beste faktore batzuek ere eragin handia dute ikusmenfuntzioan, eta osatu egiten dute; besteak beste, kontrastearekiko sentikortasunak, ikusmen kromatikoak eta itsualdiaren kontrolak. Faktore horiek guztiek eta pertsona bakoitzak ikusmena erabiltzeko daukan trebetasunak erabakitzen dute pertsonaren ikusmen-funtzionamendua, eta ez dute lotura zuzenik patologiarekin.
Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonak aipatzean, bi termino erabili ohi dira: ikusmen urria eta itsutasuna.
Ikusmen urria duenak 0’3tik beherako gehieneko zolitasuna dauka, eta 0’05etik gorako gutxienekoa; itsutasunean, berriz, gehienez 0’05ekoa da zolitasuna, eta gerta daiteke argirik ez hautematea, edo ikus-eremuaren murrizketa 10 gradutik beherakoa izatea finkatze-puntuaren inguruan. (Iturria: OME)
Hezkuntza-arloan, itsua irakurtzeko eta idazteko braille sistema erabiltzen duen pertsona da; ikusmen urrikoa, berriz, beltzez errazago irakurtzeko eta idazteko bitartekoak darabiltzana.